Artículo sobre gigantes

http://oarsobidasoa.hitza.info/paperekoak/baloratu-beharreko-herritarrak/

Baloratu beharreko herritarrak

By on 2013/06/17 in

Erraldoiak eta buruhandiak, herriko jaietako alma mater-ak. Zaila da imajinatzea herritar horiek gabeko jairik. Beti hor daudela dirudi, horren atzean jendea dagoela bai, baina arazorik ez dutela dirudi. Atzean, ordea, lan handia dago, konpromiso handia, batik bat.

Oarsoaldeko zein Bidasoko konpartsetako kideek hori da gehien nabarmentzen dutena, eta era berean horrek eragiten du jende falta. Errealitateaz jabetuta, motibazio bideak pentsatzeari ekin diote konpartsek, eta bide horretatik sortu dituzte askok erraldoi txikiak. «Haurrak eta gaztetxoak erakarri nahian sortu ditugu erraldoi txikiak, praktikatzen hasteko», diote konpartsako kideek.

Horrez gain, tailerrak ere martxan jarri dituzte. Oiartzunen, esaterako, erraldoien tailerra egin zuten, erraldoiekiko «beldurra kentzeko». Irungo Ondare konpartsa ere bide horretatik doa. Erraldoiak dantzatzeko eskola moduko bat antolatzen ari dira: «Gainera, laster umeentzako tailerrak ere egingo ditugu, buruhandi txikiak egin ditzaten».

Jaiei alaitasuna eta jendeari gozamena ematen jarraitu nahi dute erraldoien konpartsek, eta zer hobeto herritarren aldetik euren lana baloratzea baino. Hilaren 29an, gainera, hitzordu berezia dute Oarsoaldeko zein Bidasoko konpartsek; izan ere, Donostian 200 erraldoi elkartzeko asmoa dute, Donostia orain dela 200 urte erre zutela gogoratzeko ekitaldien barruan. Hil honen 29an izango da hori, 11:30etik aurrera eta bertan izango dira Oarsoaldeko eta Bidasoko herritar bereziak.

Irun, hiru konpartsadun hiria

Irunen erraldoien hiru konpartsa daude: Irungo Atsegiña, Ondare Kultur Elkartekoak eta Bidasoako Erraldoiak.

Ondare: Kultur elkartea 2011n sortu zen, eta urtebete geroago buruhandi eta erraldoi konpartsa osatu zuten. Bi erraldoi dituzte, biak Alardean oinarritutakoak: Jenerala eta Kantinera. «Gure erraldoiek gure jaiekin zerikusia izan behar zutela pentsatu genuen», azaldu du Iñigo Mangas konpartsako presidenteak. Konpartsa berria denez, pixkanaka jendea «erreklutatzen» ari dira. Erraldoietarako bospasei lagun daude.

Erraldoiak zein buruhandiak Mangasek berak ordaindu zituela kontatu du: «Ez dugu inoren diru laguntzarik jaso». Zatika egin zituzten erraldoiak: buruak, osagarriak, gorputzak, arropak… enpresa eta artisau desberdinek egin dituzte eta Mangasen etxean bertan joan dira muntatzen.

Aurten erraldoiak dantzatzeko eskola antolatzen ari dira. Irekia da eta interesa duen orok parte har dezake. Interesa dutenekondarekulturelkartea@hotmail.com helbidera idatz dezakete. Webgunea ere badu konpartsak: www.ondare.es.tl.

Bidasoako Erraldoiak: Irun eta Hendaia biltzen dituen taldea da. 1980eko hamarkadan sortu zen eta gaur egun lau erraldoi dituzte: ijito bikotea eta arrantzale bikotea. Horrez gain, beste lau erraldoi txiki (lau urtaroak) ere badituzte 8 eta 12 urte bitartekoentzat. Konpartsa 40 lagunek osatzen dute, baina bestelako ekimenetan ibiltzen direnak ere sartzen dira hor; hala nola, joaldunak, musikariak… Suitzan ibili izan dira euren erraldoiekin, baita Pirinioetan ere. Webgunea badute: bidasoako-txaranga-kultur-elkartea.com

Irungo Atsegiña: Eskualdeko konpartsarik zaharrenetakoa da, 100 urte baino gehiago ditu. Gaur egun 8 erraldoi ditu: baserritarrak, alkatea eta alkatesa, beltzak eta turkiarrak. Hemezortzi lagun ibiltzen dira, horietatik zortzi erraldoien portadoreak dira. Webgunea ere badute eta bertan informazio gehiago lor daiteke: www.irungoatsegina.org.

Lezo. jaietako izarrak

Lehen erraldoi bikotea, baserritarrak, 1975ean ekarri zituzten herrira Zaragozatik. Ixkulin elkartean zebiltzanek udalari erraldoiak eskatu zizkioten, orduan Fernantxo Intxaurrandieta zegoen presidente: «Santakrutz bezperan atera genituen lehen aldiz». Baserritar bikotea orain dela hamar urte inguru erretiratu egin zuten, zaharrak zeudelako, eta beste bi berri erosi: Zabarre pirata eta Oroitzene. Bi horiekin konpartsa eratu zuten. Orduan lau lagun ibiltzen ziren, baina orain bakarra dago konpartsan, Intxaurrandieta bera.

Pasaia lau barruti, konpartsa bat

Pasaia lau barrutik osatzen badute ere, konpartsa bakarra dute. Guztira sei erraldoi dituzte: baserritar bikotea, arrantzale bat, batelari bat, mikeletea eta inudea. Horiek orain urte dezente erosi zituzten, eta zaharrak badira ere, oraindik dantzan jartzen dituzte. 2001ean, Pasaiako Udalak bi erraldoi erosi zituen, mikelete bat (Anjemikel) eta inude bat (Karmen) haur eta guzti (Iñaki). Erraldoi txikiak ere badituzte, haurrak praktikatzen hasteko; aurten, gainera, erraldoi txiki bat estreinatuko dute, deabru bat. Mikel Varela konpartsako kideak kontatu duenez, dantza bereziak dantzatzen dituzte Pasaian, baltsa, esaterako, beraiek egindakoa da. «Mariano Legorburu sanjuandarrak erakutsi zigun dantzatzen», azaldu du. Inauterietatik iraila bitarte dantzan jartzen dituzte erraldoiak: «Pasaian hogei emanaldi izan ohi ditugu, eta gero beste herrietan. Gainera, konpartsarekin batera herriko beste taldeak ere ekartzen ditugu gurekin.

Hondarribia,erraldoi horizontalduna

Erraldoiak ez dira soilik bertikalak, horizontalak ere badaude eta horietako bat Hondarribian dute: Martxela balea. Ura eta guzti botatzen du. Gainontzeko erraldoiek herriko biztanleak irudikatzen dituzte: Frantxiska eta Txantxano baserritarrak, Mertxora eta Muxarra arrantzaleak, eta Anttonbordo eta Kaxiana kaletarrak. Horiez gain, antxoa eta atuna ere badaude.

Hiru erraldoi txiki ere badituzte, Bikingoak. Hondarribiko jaietan ateratzen dituzte 9 urtetik gorakoek.

Dokumentuen arabera, 1911n atera ziren lehen aldiz erraldoiak kalera Hondarribian, jaietan, hain zuzen. Beste herrietakoak ziren festetan parte hartzen zuten erraldoiak, eta 1970ean udalak erraldoiak eta buruhandiak erostea erabaki zuen.

Hala, Zaragozako Industrial Juguetera Recachari (gaur egun Aragonesa de Fiestas) erosi zizkion udalak, bi erraldoi eta lau buruhandi orotara. Denborarekin hondatu egin ziren eta berriak erosi zituen Hondarribiko Udalak. Horiek dira gaur egun hiriko kaleak zeharkatzen dituztenak.

Lehiaketa publiko baten bidez, Harresi auzo elkarteak hartu zuen konpartsaren ardura, eta 1999 urtean, Harresitik Izugarria

Hondarribiko Konpartsa sortu zen. Egun konpartsa hori da erraldoi eta buruhandien arduraduna.

Oiartzun, Erraldoiak dantzan jartzeko zailtasunak

2001. urtera arte Oiartzunek ez zituen bere erraldoiak izan, ordura arte udalak alokairuan hartzen zituen xanistebanetarako. Aurretik, 1992an, udalak buruhandien lehiaketa egin zuen, Oiartzungo pertsonaietan oinarritua. Horrela, 2001ean, Arditurriko meatzaria eta sendabelarren medikua erraldoiak erosi zituen udalak. Urtebetera beste bi erraldoi erosi zituen, baserritar bikotea. Garate enpresari erosi zizkioten. Konpartsa bera 2005. urtean sortu zen, Aspaldiko Lagunak Erraldoi Konpartsa izenarekin. Azken urteetan, baina, jende faltagatik zailtasunak izan dituzte erraldoiak kalera ateratzeko.

Errenteria-Orereta, inplikazioa ehuneko ehunean

Konpartsa 1919an sortu zuten eta Madrildik bi erraldoi ekarri zituzten, gaur egungo Xanti eta Maialen. Denborarekin hondatzen joan ziren, eta 1984an Zaragozan konpondu zituzten. Horiekin batera sei buruhandi dituzte. Izenak jaietatik datoz, Madalen eta Santiago egunetatik. Konpartsan hamazazpi lagun inguru daude, horietatik sei dira eramaileak.

Taldearekin oso gustura dago Imanol Etxeberria, taldeko kidea: «Oso talde ona dugu, inoizko onena». Xanti eta Maialenen inplikazioa herrian oso handia da, herriko jaietan horiek ikustera biltzen den jendetza ikusi besterik ez dago. Bestalde, jaietako beste ekitaldietan ere parte hartzen dute erraldoien konpartsakoek. «Lehen haurrentzat bakarrik zen, baina gaur egun guztientzat dira erraldoiak», adierazi du.

Txupeteena ere aipatzekoa da. Haurrek Xanti eta Maialeni ematen diote euren txupetea beraiek gorde dezaten.

Xabier Garate, erraldoi eta buruhandi egilea: «Esfortzuaren kultura galtzen ari dengizartean bizi gara» 

Xabier Garate, erraldoi eta buruhandi egilea

Xabier Garate, erraldoi eta buruhandi egilea

Lurra, Eguzkia eta Ilargia erraldoiekin lanean buru-belarri dabil egun hauetan Xabier Garate (Irun, 1960). Hirukote berezia dela dio, erraldoien munduan oso ohikoa baita bikoteak egotea, emakume eta gizonek osatua, baina horiek hiru dira eta emakumeak denak. Hiru hamarkada inguru daramatza erraldoiak eta buruhandiak egiten, eta mundu honek asko eman diola nabarmendu du: «Erraldoiak ez dira soilik jaietara mugatzen, bestelako ekintzetarako ere balio dute. Herri batean, gogoan dut, gaztetxo asko zeuden drogan-eta sartuak. Erraldoien bidez motibazioa piztu genien, eta oso ona izan zen hori».

Zerk bultzatu zintuen mundu honetan sartzera?
Txikitatik beti izan dut afizioa buztinarekin ibiltzeko, marrazten, plastilinarekin… Gauza horiek txorakeriak direla sartzen dizute buruan, eta formatu egin behar zarela esaten dizute; hortaz, Lanbide Heziketa ikasi nuen, hainbat arlotan, baina horietako bakar batek ere ez ninduen asetzen. 1980eko hamarkadan antzerkian ibiltzen nintzen, eta zerbait erakargarria egin behar genuela pentsatu genuen. Hala, maskara batzuk egitea bururatu zitzaigun. Jendeari gustatu zitzaion, eta mundu horretatik jarrai nezakeela pentsatzen hasi nintzen. Gauza batek bestera eraman ninduen…

Ikasi, nola ikasi zenuen?
Nire kabuz ikasi nuen. Ez da araututako bide bat, baina horrela ikasi dut. Besteen lanak begiratuz, esperimentatuz… izugarrizko sarraskiak ere egin ditut [barrez]. Gainera, Irungo imajinagin bat ezagutzeko aukera izan nuen, Crispin Barrena, eta berarekin asko ikasi nuen.

Nola aukeratzen dira erraldoiak? Herriko historiarekin zer ikusia dute batzuk…
Ez beti. Tradizioez hitz egin daiteke, baina tradizioa historia da eta egon daitezkeen erregistro historikoak. Erraldoiak prozesioei oso lotuta egon dira, Corpusari batik bat. Esaten dutenez, erraldoiek kristautasunaren boterea ordezkatzen zuten, eta buruhandiek, berriz, bekatuak, bizioak… Erraldoiak mundu osoan daude zabalduta eta bakoitzak gauza bat irudikatzen du. Iberiar Penintsulan halako batean Errege Katolikoak azaldu ziren, eta horiekin toki guztietara joaten ziren, nazioaren irudi bezala. Baina gerora, Trantsizio garaian, horrekin hausteko nahia edo beharra ikusi zen, eta bestelako gauzak irudikatzeko beharra aldarrikatzen hasi ziren, herriko jendea, batik bat.

Euskal Herrian mitologia oso aberatsa dugu, eta hori irudikatzen da hainbat erraldoietan, gainera oso ongi ezkontzen da erraldoien ideiarekin. Baserritar bikote asko daude, baina hori ere garatzen joan da. Lehen, bikote horiek traje beltzekin ateratzen ziren, orain, aldiz, traje koloretsu eta alaiak dituzte. Euskal Herrian gure pertsonaia propioak ditugu eta horiek ateratzeko modu propioa ere bai. Toki batzuetan gurpilak jarri dizkiete erraldoiei, baina horrek esentzia kentzen dio. Erraldoiek dantza egin behar dute, eta hemen hori egiten da. Hemen gauza asko dira desberdinak.

Zure webgunean erraldoien etorkizunari buruz hitz egiten duzu, eta oso oparoa dela diozu. Dena den, herri askotan jendea falta da erraldoiak dantzan jartzeko…
Esfortzu bat eskatzen du, hori egia da, eta esfortzuaren kultura galtzen ari den gizartean bizi gara, guztia berehalakoan nahi dugu eta gainera esfortzurik ez eskatzea. Horrek gauzak ez baloratzera eramaten gaitu. Zahar baten topikoa dirudi, baina horrela da, gauzak ez ditugu baloratzen. Herri batzuetan jende oso-oso gutxi dago konpartsan, eta ez doaz aurrera, baina beste askotan aktibo dago mundu hau, eta jendea hori ikusita animatu egiten da.

Erakundeek behar adinako garrantzia ematen al diote?
Denetarik. Kuriosoa da, baina herria zenbat eta txikiagoa izan, garrantzia handiagoa ematen zaie erraldoiei. Tratua zuzenagoa da, tailerrera konpartsakoak alkatearekin eta zinegotziarekin etorri izan zaizkit. Udalerri handiek posta elektroniko bat bidaltzen dizute, erraldoiak bukatzean ez dizute esaten gustatu zaien edo ez… tratua askoz ere hotzagoa da. Badakizu zer gustatzen zaidan? Nik egin ditudan erraldoien herrietara joan eta jendearen artean egon ea zer esaten duten. Inork ez daki nor naizen eta komentarioak entzuten ditut. Asko gustatzen zait.

Twitter
 
Facebook
 
Ondare Kultur Elkartea

Crea tu insignia
 
Han visitado nuestra página web 20524 visitantes (49246 clics a subpáginas)
Este sitio web fue creado de forma gratuita con PaginaWebGratis.es. ¿Quieres también tu sitio web propio?
Registrarse gratis